Gazaren aurkako eraso neurrigabea gelditzeko eskatu dute Baionan eginiko elgarretaratzean
Justizia Palestinarentzat taldeak eginiko deialdiari jarriatuz 200 bat lagun elkartu dira, larunbat huntan, Baionan Israelek Gazan burutzen duen sarraskia salatzeko. Goizeko 11.00tik goiti, Herriko Etxearen aitzinean igaro da ekitaldia. Besteak beste PCF-k, Batasunak eta Askapenak bat egin dute deialdiarekin.
Justizia Palestinarentzat elkarteak gogora ekarri duenez, «Gazako biztanleak bi urtez daramate giltzapean, janari, medikamendu eta urik gabe». Egoera larri hortaz ohartarazi ondoren, Sylvie Laplacek, taldeko bozeramaleak, azken egunotan ehundaka hildako eragin dituzten bonbardaketak onartezinak direla nabarmendu du.
Neurri gabeko eraso hori ez dela Hamasen ekitzetara erantzuna, baizik eta Gazako herriak "gaizki bozkatu zuenetik" Israelek ezarri dion "zigor kolektiboaren jarraipena" gaineratu du Laplacek.
«Israelgo erasoa berehala geldi dadin eta sarraski hori gelditzeko frantses gobernamendu eta europar Batasuneko esku sartzea» premiazkoa dela uste du Justizia Palestinarentzarentzat taldeak.
Bonbardaketak gelditu, blokeoa altxatu eta negoziaketa prozesua berreskuratzea egungo egoera lazgarriarekin amaitzeko ezinbesteko urratsak direla nabarmendu dute protestaldiaren antolatzaileek.
Hainbat alderdik eta elkartek bat egin dute elgarretaratzearekin. Hartara, PCFko ordezkari batek bonbardaketak gelditzeko eta nazioarteko zuzenbidea berriz indarrean sartzea aldarrikatzen duen agiria irakurri du.
Bestalde, Batasunak gogorki salatu du «israeldar armadak Gazan burutzen ari den neurrigabeko erasoa».
«Elkarrizketa eta negoziazioaren aldeko hautua berresten dugu palestinar eta Israeldarren arteko gatazkari konponbidea emateko, tresna egoki bakarra gatazka oro konpontzeko» adierazi du Batasunak, «konponbidea herrien eta herritarren eskubideen errespetuan oinarritu behar da» gaineratuz.
Azken sei egunotan 400 herritarretik gora hil du Israelgo Armadak Gazan eta 2.000 lagunetik gora zauritu dira.







