Guyana eta Martinikako herritarrek ezetz esan diote 74. artikuluari

Argitaratua: 2010-01-11 13:11:09

Guyana eta Martinikan estatus aldatzeko herri-galdeketa egin dute atzo eta bi lurraldeek ezetz esan diote autonomiaren bidean urrats bat ematea ahalbideratzen zuen proposamenari. Guyanan parte hartzea ez da oso altua izan, Martinikan, ordea, hautesleen %54,61ak bozka eman du. 74. artikuluari ezetz erran ondoren, hilaren 24an beste galdeketa eginen dute, oraingoan lurralde kolektibitate bakarra sortzeko egitasmoa kari.
Joan den ekainean Nicolas Sarkozyk proposatu zuen erreferenduma egin zuten atzo Guyana eta Martinikan. Alta, bi lurraldeek muzin egin diote Frantziako Konstituzionaren 74. artikulua onartzeari. Artikulu horren bidez, bi lurraldeek eskuduntza gehiago hartzeko aukera bazuten, besteak bete bere ondarea, etxebizitza, arrantza, turismoa edo enplegu arloetan politikak garatzeko.

Izan ere, Guyanako hauteslegoaren %69,80k ezetz erran du (erreferendumaren parte-hartzea: %48koa izan da ) eta errefusaren bozka oraino azkarragoa izan da Martinikan. Bigarren lurralde horretan boz-emaleen %79,3ak muzin egin dio autonomia zabaltzeko egitasmoari (galdeketaren parte hartzea %54,61koa izan da:

Eskualde eta Departamenduko hautetsi guziek eta baita ezkerreko alderdiek ere autonomiaren aldeko kanpainia egin arren, herritarrek kontra bozkatu dute Guyanan.

Martinikan, 34 herrialdetako 14 auzapez baietzaren alde azaldu ziren. Departamendu eta eskualdeko presidenteek ere Aldaketaren aldeko Batasuna mugimenduak garatutako kanpaina sostengatu zuten. Izan ere, MIM alderdi independentistak gehiengoa duen bi udalerritan soilik irabazi du 74. artikuluaren aldeko bozkak. Preseski, Anses d'Arlet eta Rivière Piloten.

«Frantziako presidentziak aintzat hartzen du Konstituzioaren 74. artikukuan oinarrituta itsas haratagoko lurralde elkargoa sortzeko egitasmoari martinikarrek eta guianarrek eman dioten ezetz borobila» adieradi du Eliseok goiz honetan zabaldu duen agiri batean. Bere erranetan, «guianarrek eta martinikarrek Errepublikarekiko sentitzen duten lotura azkarra agerian utzi du» erreferendumaren emaitzak.

Hilaren 24an bozka berria
«Erreferendumaren emaitza baino ezetzak eskuratu duen sostengu zabalak harridura sortu diola» onartu du Marcellin Nadeau, Prècheur herriko auzapeza eta departamenduko kontseilariak. Baietzaren aldeko kanpainia egin duen Modenas mugimenduko partaidea joan zen azaroan Azkainen Autonomia Kolektiboak egin mitinean parte hartu zuen.
Kontseilu Orokorreko lehendakaria eta senataria den Claude Liseren ustez, «%80ak ezetz esaten duenean, beldurraren bozka nagusitu da erran daiteke». Martinikako hautetsiak gaineratu duenez «herri-galdeketa goizegi antolatu da, krisi egoera gordin batean».

MIM alderdi independentistaren burua era eskualde presidentea, Alfred Marie-Jeannek azaldu duenez, «galtzaile bakarra Matinika da, baina borroka jarraituko dugu».

Serge Letchimy, Aimé Césaire poetaren ondorengo politiko bezala agertzen den PPM alderdiaren ordezkariak ezetzaren aldeko bozka eskatu zuen. Lorturiko garaipenarekin kontent izan arren, «kanpainiak martinikarrak bereiztu gaitu eta aitzina begira berriz altxatu eta elkarrekin ekiteko gai izan behar gara» azaldu du.
Fort de France-ko auzapeza autonomiaren alde azaldu da, baina Frantziako gobernuarekin adostutako prozedura baten bidez, epe luzeago batera jokatuz.
Legearen bidez estatusa aldatzeari uko egin ondoren, eskualdeak eta departamenduak egun dituztenahalmenak lurralde koliktibitate bakar batek eskuratzea nahi duten ala ez deliberatu beharko dute guianarrek eta martinikarrek heldu den urtarrilaren 24an antolatua den erreferendumean.

Letchimyk hilaren 24an izanen den bigarren kontsultan baietzaren aldeko hautua egiteko gonbita luzatu die martinikar guzier. Bere lehen hautua galdu arren, autonomistek eta independentistek seguruenik baietzaren aldeko boza eskatuko dute bigarren erreferendum horretan baita ere. Hala bada, estatus aldaketa ez eman arren, gutxienez eboluzio bat emanen da bi lurralde horietako erakundetze sisteman.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi