Haitiko lurrikara suntsitzailearen aitzinean herritarren laguntza eskatu dute Mugarik Gabeko Suhiltzaileek

Argitaratua: 2010-01-13 15:42:34

Euskal Herrian asteartearen eta asteazkenaren arteko gauerdia zenean Haitin, eta bereziki Port au Principe hiriburuan, milaka eta milaka hildako eta zauritu eragin dituen lurrikara suntsitzailea jasan zuten. Gobernu frantsesak larrialditarako laguntza eramango duten bi hegazkin igorri ditu jadanik. Euskal Herritik ere Mugarik Gabeko Suhiltzaileen (MGS) elkarteko kideak Haitira abiatu dira, horien artean Hendaiako suhiltzaile bat eta Lohizuneko beste bolondres bat. Herritarren laguntza eskatu du orain gobernuz kanpoko erakundeak.

Heldu den igandean igorriko duten bigarren laguntza ekipoa prestatzen ari dira Mugarik Gabeko Suhiltzaileak, ura edangarria bilakatzeko ekipoa edo elektrizitatea sortzekoa esaterako. Herritarren laguntza igortzeko 500 kutxa txiki prestatu dituzte Hendaiako suhiltzaileen kasernan. Kasernetan lagutza uztera gonbidatu dituzte herritarrak.

Txekea igorri nahi duenarentzat ondoko helbidea eman du erakundeak: Mugarik Gabeko Suhiltzaileak / 340 Herboure bidea / 64122 Urruņa. Bestela MGSen webgunean ere diru emaitzak egin daitezkeela oroitarazi du Larrialditako Esku-hartze Unitateko arduraduna den Nikolas Regeratek.

Mugarik Gabeko Suhiltzaileek hondamendiaren aurrean berehala laguntzeko prestatu dira. Akitaniatik joaniko bost laguntzaileak seguruenik bihar ailegatuko dira Port au Principera hemendik eraman dituzten 100 kg medikamendurekin. Noiz helduko diren ez dakite zihur bertaratzea arras zaila baita. Aireportua erdi suntsitua izan da, beraz hegazkin txikiak soilik lur hartzen ahal dute. Eramaten ahalko duten materiala zein den ere ez dakite hegazkinaren tamainaren araberakoa izanen baita.

Heldu eta berehala taldeko nagusiak Haitin behar dituzten gauzen zerrenda emango du, baina bitartean suntsipen egoeretan beharrezkoak izaten diren gauzen prestatzeko lanean ari dira ianeko. Osasun postu mugikorrean espezializaturiko bi pertsona, erizain bat eta ura edangarria bilakatzen dakiten bi pertsona abiatuko dira igandean Haitira.

Milaka pertsona oraindik lurperatuak
Richter eskalan 7 gradutako maila izatera heldu den lurrikarak Haitiko hiriburua jo du bereziki. Milaka pertsona hil dira baina oraindik beste ehundaka jendek eraikinen azpian lurperatuak segitzen dute. Haitiko Gobernuak oharrarazi duenez, "100 000 hildako" egon daitezke.
Karibeko irlatik heltzen diren testigantzek hirian zehar ibiltzean xoko guztietatik lurperatua den jendearen laguntza deiak entzuten direla esaten dute.

Lurrikarak oihartzun errepikapenak eragiten ari da eta jende guztia beldurrez betea segitzen du. Oraindik erori gabe gelditzen diren eraikinetako biztanleek ere kanpoan ari dira errekuperatzen etxea gainean eroriko zaien beldurrez.

Interneteko sare sozialen bitartez momentuoro gertatzen ari denaren berri zabaltzen ari da mundu guztian zehar. Telefono finkoak ez dira ibiltzen eta mugikorren sarea eskasa da, hori dela eta informazioa jasotzeko Internetera begira da mundu osoa.

Testigantzekin batera nazioarteko laguntza deialdi suminkorrak ailegatzen ari dira Haititik.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi