Israelek giza ekintzaileen aurka buruturiko sarraskia salatzeko mobilizazioak egin dituzte Euskal Herrian
H&M arropa dendan sartu dira manifestariak Bilbon Israelgo produktuen boikota eskatzeko. Askapena.org
Gazara (Palestina) giza laguntza eramatera joaten ziren itsasontzien aurka erasoa burutu eta 19 lagun hil zituen, astelehenean, Israelgo Armadak. Berria ezagutu eta berehala mobilizazioak antolatu ziren Euskal Herriko hainbat hiritan, Palestinarekin elkartasunean jarduten duten plataforma ezberdinak deituak.
Ehundaka lagun izan ziren kaleak hartu eta Israelgo estatuaren «izaera terrorista» salatu zutenak. Askapena.org atarian irakurri dugunez, Bapateko erantzun honetan elkartaratzeak burutu ziren Donostian (200 lagun), Iruñean zein Gasteizen (200 lagun).
Bilbokoa hasiera batean elkartaratzea bazen ere, bertan bildu ziren 500 lagunek manifestazio inprobisatu batera ekin zioten. Kaleak moztu eta H&M dendara sartu ziren «Israelgo kolaboratzaile izategatik« salyoki horren boikota eskatuz. Ertzaintza bertaratu zen eta pertsona batzuk identifikatu zituen.
Israelek buruturiko erasoak zirrara handia sortu du Palestinan zein Ekialde Hurbileko gainerako herrialdeetan. Arabiar Ligak, ordea, "ekintza terroristatzat" hartu du nazioarteko giza ekintzaileen aurkako erasoa. Alta, Turkiak hala eskatu arren, NBEko kontseiluak ez zuen, bart, erasoa kondenatu.
Ban Ki-moonek, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, «azalpenak» eskatu dizkio Israelgo Gobernuari . Europar Batasunak, bere aldetik, gertatutakoa "osorik ikertzeko" aldarrikatu du.
Nazioarteko erakundeen erantzun ezean, mundu osoan zehar mobilizazioak antolatuak izan dira. Europan, lehen protestak atzo egin dituzte palestinar herrialdearekin elkartasuna lantzen duten elkarteek. Hala nola France-Palestine erakundeak estatu frantziarraren hiri nagusietan elgarretaratzeak deitu ditu, horietarik bat Pauen, Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren aitzinean.
Euskal Herrian, aipatu bezala, lehen elgarretaratzeak eginen dituzte Gasteizen ( Palestinarekin elkartasun plataformak deitua ), Bilbon, Donostian eta Iruñean ( Gerraren aurkako plataformak deitua ).
«Gure elkartasunik gorriena adierazi nahi diegu ekintzaile hauei eta Israelgo estatuaren izaera terrorista berriz ere salatu. Estatu genozidak ekintza hauek burutzean argi utzi nahi du elkartasuna ere bere etsaitzak hartzen duela, eta horren aurrean elkartasuna areagotzea besterik ez zaigu geratzen. Beraz, sarraski honen aurrean mobilizatzera goaz» adierazi du Askapena elkarteak prentsa-ohar batean.
NPA eta Batasunaren agiriak
Sarraskia gogorki salatu ondoren, « elkarrizketa eta negoziazioaren aldeko hautua berresten dugu Palestinar eta Israeldarren arteko gatazkari konponbidea emateko, tresna egoki bakarra gatazka oro konpontzeko. Konponbidea herrien eta herritarren eskubideen errespetuan oinarritu behar da» azaldu du, bere aldetik, Batasunak.
Israelen erasoari aurre egiteko «tresna gisa deituriko boikotarekin bat» egin du Batasunak.
NPA k ere prentsa-agiria zabaldu du sarraskia gertatu eta gero Israelgo Gobernuak informazioa blokatzeko harturiko jarrera. Mobilizazioetan parte hartzeko dei eginez, "frantziar eta europar agintariei Israelekin harreman guziak bertan behera uztea" exijitu du alderdi ezkertiarrak.




