Herriko Etxearen esanetan, 30.000 lagun bildu dira besta irekiera ofizialean eta lehen gaualdia goxoan igaro da
Zuri eta gorri koloreak jantzi ditu bart Baionak. Jendez lepo zen Herriko Etxearen plazan abiatu zen ofizialki besta, gaueko 22.00ak zirela. Gaur Herriko Etxeak eginiko lehen bilanaren arabera, 30.000 lagun ekartu ziren Askatasunaren plazan besta irekiera ofizialean parte hartzeko. Balkoinean, lau pilotari ospetsuen ondoan - Waltary Agusti, Juan Matnez de Irujo, Yves Salavery Xala eta Sebastien Gonzalez- Avironeko arraunlariak. Sorpresa gonbidatu bereziarekin heldu zen. Frederic Beigbeder idazle eta CNN Plus-eko kultur emanaldien animatzaileak gogotik ospatu zuen besten hasiera. Giltzak bota aitzin Ximun Cazabonen bertsoak jaietan euskaraz mintzatzeko gomita zabaldu zuen. ( Lehen gaualdiaren argazki bilduma )
Arratseko hamarrak ziren herriko etxeko balkoitik bertan bilduak ziren berrehun bat mila lagunen aitzinean «besta on, denoi!» borobil bat entzun zelarik.
Ximun Cazaubon Jatsuko bertsolariak izan zuen bertsoz gaualdiko lehen hitzak eskaintzeko aukera. Jendeari agurtu ondoren, urteroko usaiari eutsiz hiriko hiru gakoak jaurti zituzten Ives Salaberri Xala, Sebastian Gonzalez, Waltari Agusti eta Juan Martinez de Irujo pilotariek.
Bertan zeuden milaka lagunen txalo, oihu eta bestarako gogoz beteriko herritarren aitzinean Leon Erregeak, balkoian kokaturik, jaietako lehenengo iratzartzea egin zuen. Ekitaldia behar bezala amaitzeko su artifizialak zabaldu ziren Reduit plazatik.
Bestak abiatu bezain laster, musika eta jai giroa nagusitu zen Lapurdiko hiriburuko plaza gehienetan.
Baina, herritar askok ez zuten baitezpada gaueko Leon Erregearen zeremonia horren zain geratu nahi izan jaiei ongi etorria emateko. Egunean zehar antolaturiko kirol ekimenetan parte harruz eta ostatuetako giroaz gozatuz, lehen gaualdira forman iristeko aukerarik ez zen falta.
Baionako bestak abiatu dira, besta on guzioi !!







