Madril eta Parisi "ausardia" galdegin diete, Cameronek Eskozian markatutako ereduari jarrai diezaioten
Independentistak Sareak dei egin die Gobernu espainiar eta frantsesari "ausartak izan eta, britainiarren eredua jarraituz, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortu eta joko demokratikoan sartzeko". Independentistak Sareak "oso begi onez" hartu du David Cameron lehen ministro britainiarrak Eskoziako Gobernuari lurralde horren independentziari buruzko erreferenduma proposatu izana. ( Eskoziako erreferendumari buruz BBCk emandako informazioa hemen irakurri, ingelesez ).
Azaldu dutenez, David Cameronek Eskozian martxan dagoen prozesu independentistak "behartuta" egin du aipatu urratsa, eta haren asmoa ez da "prozesu hori lagundu edo indartzea, alderantzizkoa baizik, bere indar guztiekin borrokatzea Eskozia Erresuma Batuaren barnean manten dadin".
"Baina –argitu dute– kontua da, bere zilegizko estrategia unionistatik, onartu egiten duela, era berean, estrategia independentistaren zilegitasuna eta joko demokratikoa, eta aitortu egiten duela eskoziarren erabakitzeko eskubidea".
"Aurrekari atzeraezina"
Independentistak Sarearen iritziz, albiste hau, "Kosovori buruz Hagako Auzitegiaren ebazpenarekin batera, herrien erabakitzeko eskubidearen aitortzarako aurrekari atzeraezina bilakatzen ari da". "Gero eta garbiago independentziari argi berderik gabe ez dagoela demokraziarik, ez Euskal Herrian ez Europan", aldarrikatu dute.
Hori dela-eta, Sareak dei egin die Madril eta Pariseko Gobernuei "lehenbailehen hausnarketa sakona egin dezaten Europan egiten ari diren urratsen eta euren jarrera ukatzaile, inmobilista eta antidemokratikoen artean sortzen ari den desfaseari buruz".
Zentzu horretan,"ausartak izan, eta britainiarren eredua jarraituz, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortu eta joko demokratikoan sartzeko" deia egin du kolektiboak, haien iritziz gatazka politikoa konpontzeko bidean urrats "erabakigarria" ekarriko lukeelako, "eta, horrekin batera, ideien eta proiektu politikoen arteko konfrontazio demokratikorako eszenatoki berria zabalduko luke".
Komentarioak
Bizkaitar
2012-01-12
Aupa Eskozia!!!!!!! Independentzia!!!!!!! Ta hurrengoa Euskal Herrixa!!!!!!!!!
nik diot
2012-01-12
autodeterminazioa eta independentziaren bidean, AMNISTIA OSOA!


- 

