Martinika : zergatik irabazi du ezetzak ?

Argitaratua: 2010-01-14 09:37:58

Guyanan eta Martinikan herri-galdeketak egin berri dituzte beren estatus politikoa kari. Alta, herritarrek ezetz esan diote bi irletako lurralde erakundeen babesarekin Nicolas Sarkozyk eginkako proposamenari. Heldu den urtarrilaren 24an erreferendumaren bigarren itzuliaren zain, besteak beste Iparralderako autonomia aldarrikatzeko NBE elkartean egin duen lanarengatik ezaguna den Audrey Hoc Martinikan dugu. Ondorengo lerroetan Antilletatik KAZETA.INFOri igorritako lehen kronika duzue.

Audrey Hoc-ek, Le Précheur-etik (Martinika), 2010eko Urtarrilaren 12an bidalitako artikulua:

" 2010eko Urtarrilaren 11a, Fort de Franceko aireportuan, arratseko 8ak 40etan. Marcellin Nadeau, Le Précheur hiriaren auzapeza, Modemas mugimendu politikoaren buruetariko bat, eta Azkainen iragan zen Autonomia Kolektiboko hizlarietariko bat, nire beha dago. Telefonoan ari dela eta, argiki ageri zaio bezperako herri konsultaren emaitzen aurrean daukan ikuspundua : pena. Orlytik joan aitzin goiz hartan, emaitzak entzun nituen : « Ez » ikaragarria eta animaleko abstenzio tasa.

Gaueko 9ak dira, oraindik bero egiten du, 26 gradu, nunbait perturbagarria... Orduan autoz goaz haren hautetsi hirirat : iparraldean kokatua den Le Précheur-erat. Ordu bateko bidaia. Ordu bat emaitzetaz hitz egiteko eta haren ikuspunduaren jasotzeko : « beldurraren emaitzak dira hauek ».

Parte hartzea % 55,27 % koa izan da, ez hain dramatikoa azkenean konparatzen bada tasa hura 2003ko hauteskundeetan lortu zenari : % 44a. « Halere penagarria da » dio Marcellin Nadeauk. «Baina 6 eguneko kanpana ofiziala ez da nahikoa ! ez du zentzurik eta hein hortan uler daitezke emaitzak ».

Urtarrilaren 11ko "France-Antilles" kazeta ikertuz gero, gehiengoan bozkatua izan den « ezetza » dudarik gabe azaltzen da Martinikako mapan. Halere, 34 hirien artean bi salbuespen : Anses- d’Arlet ( « Bai » %50, 03 an) eta Rivière Pilote ( « Bai » % 58,26 an), eta « erlatiboki » irabazi duen ezetza bi hiritan : Marcellin Nadeauren Le Précheur-en ( 64,8%) eta Sainte Anne-en (68,44%).

Alfred Marie Jeanne-entzat, Rivière Pilote-ekoa eta independisten buruetariko bat, « galtzaile handiena Martinika da » ("France-Antilles").

Marcellin Nadeauk, bere hirian lortutako emaitzen ondorioz penaturik, adierazi dit gazteriarekiko duen kezka, askok ezetza bozkatu omen dutela eta ez dituela batere inplikatuak senditzen ugartearen geroari buruz.

Gazte askok diote Martinikak zerbait zor diola Frantziari eta haietariko askok Frantziak eskaintzen dituen laguntzak behar dituztela. « Huna oraindik lortutako babes sozialen galtze edo mantentzearen propagandaren emaitzetariko bat ! » gehitu du Marcellin Nadeauk.

Bozkatu dutenak propaganda horren biktimak izan ote dira ? Estatutu aldaketaren kontrako iritziaren azalpena ote da beraz ? edo ez ote da kanpaina antolatzeko moduaren kontrako bozka ?
Martinikarrek berriz bozkatzera deituak dira urtarrilaren 24an : kolektibitate bakar baten moduko antolakuntza estatutuaren alde edo kontra (nun Kontseilu orokorra eta Eskualdekoa batzen diren) azaltzeko.

Marcellin Nadeauk eta mugimendu independistek ez dute oraindik haien jokamoldea adierazi urtarrilaren 24eko bozkarekiko. Haatik, gerta daiteke abstenzioa izatea bizi izan duten penaren erantzuna.... "


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi