Martinikan eta Guyanan autonomia kari eginen duten herri galdeketak arreta berezia piztu du Euskal Herrian

Argitaratua: 2009-12-30 17:54:45

Joan zen  ekainean Nicolas Sarkozyk bi kolonien estatusa aldatzeko herri-galdeketa iragarri zuen. Frantziaren menpe diren bi departamenduetan bururuko den erreferendumak arreta handia piztu du Ipar Euskal Herrian. Hemengo eragileek hurbiletik begiratuko diote Antilletan gertatuko denari. Jadanik, Martinikako ordezkarien ahotsa ozen entzun zen Azkainen Autonomia Kolektiboak eginiko mitinean.

Maite UBIRIA / BAIONA
Hexagonotik milaka kilometrora dauden arren, Parisek hartzen dituen erabakien menpe daude Martinika eta Guyana Frantsesako herritarrak. Izan ere, itsasoz haraindiko departamentu horietan herri-galdeketa eginen dute 2010ean. Nicolas Sarkozyk joan den ekainean iragarri zuen erreferenduma. Frantziako presidenteak oharrarazi zuenez, galdezketa ez da izanen independentziaruntz pausu bat.

Erreferenduma oso mementu berezian helduko dela ezin da ukatu. Frantziako Gobernuak lurralde antolaketari buruzko eztabaidari irtenbidea eman behar dio aurten eta, nahitaez, Martinikan eta Guyanan izanen den erreferendumari so dira Hexagonoaren barruan bizi diren beste herrialdeak.

Are gehiago, heldu den martxoan izanen den eskualde bozekin batera, herri-galdeketa antolatu du Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroan Batera plataformak.

2009. urtearen hasieran Martinikan eta Guadalupen izan ziren protesten harira etorri zen Eliseoko erabakia. Itsasoz haraindiko departamentuek pairatzen duten prezioen garestitzea eta garapen eza salatzeko milaka eta milaka lagun atera ziren karriketara eta greba iraunkorrak bere fruitua eman zuen.

Erreferendumak bi data ditu. Autonomia galdeketa urtarrilaren 10ean eginen da. Ezezkoa irabazi ez gero, bigarren erreferendum bat egingo litzateke urtarrilaren 24an. Zoin da bigarren aurkera ? Bi departamentuak kolektibitate bakar batean biltzea. Egun Eskualde Kontseiluaren eta Kontseilu Orokorraren artean kudeatzen dituzten eskumenak beregain hartuko lituzke lurralde erakunde berriak.

Autonomiaren bidea zeharkatzeko bat etorri dira autonomistak eta independentistak Antilletan. Elkarlanaren beharra azpimarrazu zuen Marcelin Nadeauk, Modenas elkarteko kideak, joan den azaroaren 14an Azkainen Autonomia Kolektiboak antolaturiko ekitaldian.

Autonomiaren aldarrikapena guziz beharrezkoa dela adierazi ondoren, Martinikako beste eragile politikoekin batera Modenas elkartea Ressemblement Martiniquais pour le Changement mugimendua osatu duela azaldu zuen.

"Mugimenduak indarra egin du Frantziako Konstituzioaren 74. artikulua Martinikan aplika dezaten" nabarmendu zuen Le Precheur herriko auzapezak. "Gure esperantza da herriak 74. artikuluaren alde bozkatuko duela, estatus berria hautatzeko atea zabalduz, baina horrela ez badu egiten, bigarren aukera bezala egungo erakunde sistema erraztea erabaki dezake".

Lurraldearen antolaketan, lan arloan edo nortasuna berrekuratzeko bidean urratsak eman ahal izaiteko Martinikako herriak autonomiaren premia duela azpimarratu zuen.

Antilletan urte hasieran den erabakitzeko prozesuaren eragina zabala dela gaineratu zuen auzapez martinikarrak. "Gure borroka ez da Martinikaren aldeko borroka soila, zanpaturik diren herri guzien borroka baizik" adieraziz bukatu zuen bere mintzaldiak Euskal Herritik 8 000 kilometrora dagoen lurralde batetik Azkainerat bere lekukotasuna ematera etorritako ordezkariak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi