Nikolas Regerat: «Materiala baino behar handiagoak dira Haitin»
Nikolas Regerat suhiltzaile profesionala da. Urtarrilaren lehenetik Angeluko suhiltzaileen burua da. Pompiers Sans Frontières, edo Mugarik Gabeko Suhiltzaileen larrialdietako arduraduna ere bada. Urruñan bizi da. Ez da denbora anitz euskaraz ikasi duela, baina arras ongi mintzo da. Ipar Euskal Herritik Haitirat helarazten ari den laguntzaren arduraduna da, eta lurrikara gertatu zenetik bere erakundeko bi talde bidali dituzte harat. Astelehen honetan, hirugarren sokorri talde bat atera da Hendaiako suhiltzaileen basetik. Haitin egun gertatzen ari den guziaz mintzatzeko parada eskaini digu Nikolasek. Hona hemen "Mintza" astekarian plazaraturiko elkarrizketaren laburpena.
Jon GARMENDIA Txuria
Nola jakin zenuten Haitin gertatu zen ezbeharraren albistea, eta nola hasi zineten laguntza antolatzen?
Guk badugu prozedura bat, ONUren webguneak kudeatzen du eta alerta mezu bat jasotzen dugu sms sistemarekin ; beraz, gauean jakin ginuen zazpi kakotx hiruko lurrikara bat izan zela Haitin, eta mementuan hasi ginen nola gertatu zen ikusten. Intentsitate hori handia da, baina ikusi behar da zenbat biztanleko herri edo hirian gertatu den, ez baita berdina biztanle gutiko herri batean gertatzea. Segituan ohartu ginuen katastrofa handia izaten ahal zela, eta goizeko zortzietan deliberatu ginuen harat talde baten bidaltzea. ehenik talde arin bat bidali behar ginuela erabaki zen, horrelako egoeretan adituak eta arituak diren pertsonekin.
Eta zergatik bidali zenuten talde arina?
Batez ere zoin ziren beharrak aztertzeko, nola heldu... Fite egin nahi ginuen dena, eta ez zuen balio talde handi eta pisutsu bat bidaltzea eta blokeatua izaitea aireportuetan. Bagenekien aireportu tipi bat zela Haitikoa, ezen uharte bat da. Pentsa, lehen talde hori Bordeletik abiatu zen, Guadalupe uharterat heldu ziren eta erreserbatua ginuen hegazkinarekin Port au Princerat heltzeko asmoa zuten, baina hegazkin honek ez zuen baimenik harat joaiteko, eta Santo Domingon igaro behar izan zuten gaua, biharamonean Errepublika Dominikarrerat abiatu ziren, han auto batzuk alokatu zituzten, honela, oren batzuen buruan autoz heldu ziren Port au Princerat.
Eta haren gibeletik besterik igorri duzue?
Beste talde bat urtarrilaren 18 abiatu zen, eta antsu aste bat berantago honek ere zailtasunak ditu Haitiko hiribururat heltzeko, zenta materiale pisuagoa du, badu ospitale tipi bat egiteko materiala, ura garbitu, garraiatu eta edangarri egitekoa... baina Martinikatik jona dira eta hegazkin militar batekin joaiteko baimenaren zain dira.
Beraz, egun, zailtasun handiak sortu dira Haitiko aireportuan eta ez da manerarik mundu osotik bidaltzen ari den laguntza behar bezala helarazteko ?
Bai hori da. Materiala eramaiteko zailtasun anitz da, baina guk jakin dugunez badira behar handiak ere, janaria behar da eta batez ere ura behar da. Sasoi idorra da Haitin, eta uraren afera egiteko zailtasunak dituzte, erreka edo ibaiek ez dute ia urik, eta biziraun duten anitz egarriz dira.
Eta beraz, zoin da mementuko egoera Haitin, eta zuek egiten ari zirezten lana?
Aski larria eta aski zaila da. Mementuan hemendik koordinatzen dut harat helarazi behar den laguntza, baina laster batean ni ere han izanen naiz, bai baita zereginik. Atzo gure taldeko bi suhiltzaile joan ziren Leogan herrirat, ahal duten laguntzaren emaitera, eta guziz suntsitua dela ikusi zuten, ospitalerat joanak dira, gainezka da eta behar anitz da han, mementu batez unibertsitatera ere joan ziren ahots batzuk entzun zituztelako eraikinean, jendea bizirik atxemaiteko desira zuten, baina gorputz hilak baizik ez zituzten atxeman.
Erran daiteke ez dela esperantzarik eraikin horien azpian nehor bizirik atzemateko?
Egunak pasatzen ari direlarik esperantza guti da. Erraten da hamar egun artio atxematen ahal dela norbait bizirik baldin eta ura edateko parada ukaiten badu, bero handia da han, idortea... baina ez da esperantzarik galdu behar, eta lanean segitu behar da. Azkenik, azpimarratu nahi nuke eraikin azpietatik gorpuak ateratzeak ere badituela irriskuak, ezen heiek ehorzteko lekurik atxemaiten ez bada epidemiak sor daitezke eta mementuren batean gelditu beharko da lan hori.
Eta halako kasuetan, hau da, erreskate lanetan, zer izaten da handiagoa, norbait bizirik aurkitzearen poza, edo deus egin ezinik gelditu eta gorpu hilak atzematearen tristura?
Oraino ez naiz han izan, bizitu ditut ezbehar anitz zuzenean, Indonesiako Banda Aceh-koa kasu, eta badakit ez dela ezbehar berdinik. Baina lehenik erran nahi nuke, halako ezbeharra gertatu den lekurat heltzen zira eta “Uf !” erraten duzu, “ze katastrofa, gaixoak, zer eginen dut nik laguntzeko ?”. Nondik abiatu ez dakizula sentitzen zira, unkitua ; baina lanari ekiten diozu hala ere,nahiz eta batzuk bizirik ez atera, zure buruari erraten diozu : “bo, bai!, eman diet ura, eman diet janaria, eman diet aterpea, saiatu naiz bizi diren horiei laguntzen... eta azkenean bihotzean erematen duzu haurren irria !”.
Zuek, laguntza eskaintzeko prest zirezte, baina nola koordinatzen dira lan guzi horiek ?
Gu, koordinazioan sartzen gira ezbeharraren lekurat heldu bezain laster, beti baditugu bi gauza ezertan hasi aitzin egiten ditugunak : lehenik ONUko bulegoarekin harremanetan jartzen gira, heiek kudeatzen baitute halako katastrofa gobernuarekin batera, baina ohartu behar da Haitiko gobernua ia desagertua dela katastrofa honen aitzinean ; ONUko bulegoak erraten digu zoin den mementuko egoera eta horiek ezartzen digute misione bat. Bigarrenik, beti pasatzen gira Frantziako enbaxadatik, errateko hor girela. Prozedura hau biziki garrantzitsua da, bestela anitz jende pilatzen ahal baita toki berean laguntza eskaintzen eta agian behar anitz duen jende gehiago gelditzen da laguntzarik jaso gabe.
Bukatzeko, Euskal Herrian bada laguntza eman nahi duen jende anitz, norentzat edo nola eman dezake laguntza hori ?
Mementukotz laguntza ematen ari da jendea, baina erran nahi nuke garrantzitsua dela ez ematea orai soilik, gero ere beharko da berreraiki, guzia galdu duen jendeari laguntza ematen segi beharko da, eta hor sosa behar da laguntzeko !. Gure webgunean bada laguntza bideratzeko manera : www.pompiers-sans-frontieres.org







