Outox, «alcootest»ari aurre egiteko bertze edari miresgarria ?

Argitaratua: 2010-06-18 11:10:04

Badira zonbait urte ohiko freskagarriei aurkari gogor bat azaldu zitzaien: edari energetikoak. Azterketa garaietan edo bestaren gau luzetan erabiliak izanen diren edariek eztabaida bizia sortu zuten bere garaian. Gaurdanik, Estatu frantsesean bertze edari miresgarria salgai ezarri dute. Outox izena du eta kaneta laranja batean aurkezten da «alcootest»aren aurkako borroka irabazteko txanzak areagotzen omen dituen edaria.

Odolean alkohola tasa azkarki apaltzeko bertutea omen du salgai jarri aitzinetik ika-mika handia osrtu duen edari miresgarriak. Fruktosa, azkorbiko azidoa eta aromaz osaturiko freskagarri majikoa Luxenburgoko Outix sozietateak atera du merkaturat du eta Estatu frantsesean salmenta pizteko xede Tourrarekin lotura duen Gérard Porte sendagilea fitxatu dute, fruktosaren onurak ikuspuntu zientifiko batetik loratu ditzan.

Konpetentzia, Kontsumoa eta Iruzurarren aurkako zuzendaritzak azaldu duenez, edaria ekoizten duen enpresak ez du hori saltzeko baimenarik eskatu. Alta, ekainaren 18an, 25 milimetrako kanetan eta 3,99 eurotan eskainia den edaria internet-en bidez salduko dutela iragarri dute Outox-eko fabrikatzaileek.

Egia ala iruzurra izan, alkoholismoaren aurka borrokatzen duten elkarteek bere arrangura agertu dute. «Beldur gira edariaren sortzaileek eginiko publizitateari beha eginez, jendeek, bereziki gazteek, lasaiago edanen dutela besta egiten dutenean eta autoa hartu aintzin», azaldu dute.

Elkarte horietarik nabarmendu dutenez, «odolean dugun alkohola tasa jeisteko formula arina eta eraginkorra asmatuko duenari Nobel saria emanen diote, ziur». Outox edo bestelako alkoholik gabeko edariak hartuta ere, legeak onartzen duen 0,5ko tasara noiz heldu garen jakitekorik ez dagoela azpimarratzen dute. Are gehiago, ostatu eta diskoteketan eskeiniak diren alcootest-ak «fidagarriak ez direla aski frogatua denean».

Outox-eko zuzendaritzatik azaldu dutenez, edari berriak ez du alkoholaren kontsumoa piztuko. «Produktua ezagutarazteko prestatu dugun kanpainian bi aholku emanen ditugu: neurrian edan behar dela eta etilotest-a badela ez dela ahantzi behar. Izan ere, usine nouvelle sitean irakurritakoaren arabera, Japonian eta Kanadan bestazaleek vodka edo rhum-arekin nahasten dute Outox.

Osasun Ministaritzak serioski hartu du afera. Elikagaien segurtasuna bermatzen duen AFSSA agentziari eskaera bat luzatu dio edariaren osagai eta ondorioen karietara bere iritzia eman dezan. Izan ere, europar mailan elikagaien segurtasuna neurtzen duen agentziarena litzateke auzi honen azken ardura.

Bestalde, aurrekariak ez dira oso onak frantziar agintariendako. Alkoholaren tasa jeisteko gaitasuna saltzen zuen Security Feel Better edaria hilabete batzuetan debekatua izan zen Frantzian, 2006ean. Handik gutxira, ekoizleak publizitatearen leloa aldatu zuen, alkoholaren tasari buruzko aipamena alde batera utzita edari horri esker biharamuna arinagoa zela azpimarratzen zuen etiketan. Publizitate faltsua egiteagatik debekoa jaso zuten fabrikatzaileek edari miresgaria berriz ere merkatuan saltzeko baimena jaso zuten.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi