Pariseko Herriko Etxean sorturiko lanpostu faltsuen auzian erruduntzat jo dute Jacques Chirac

Argitaratua: 2011-12-15 13:38:12

Jaques Chirac Frantziako presidente ohia erruduntzat jo du gaur Pariseko auzitegi batek. Frantziako hiriburuko auzapeza zelarik Chiracek bere alderdiarendako zeharkako finantzamendua lortzeko lanpostu faltsuak sortu zituela ondorioztatu du justiziak Chiraci bi urteko kartzela -baina "sursis"arekin, hau da betetzeko beharrik gabe- zigorra emanez. Ondorioz, Alzheimerreko eritasuna duen 79 adineko RPRko buruzagi ohia ez da espetxera joanen. Jacques Chirac auzitegi batek zigortu duen lehen estatu buru errepublikarra da

Jacques Chirac auzitegi korrekzionalak epaitu duen lehen frantziar lehendakaria da. Baita, ondorioz, zigortua izanen den lehen estatuburua. Beraz, gaur Pariseko auzitegiak eman duen ebazpena garrantzia handia badu.

Frantziako hiriburuko auzapeza zelarik -1977 eta 1995 bitartean- Chiracek lanpostu faltsuak sortu zituela RPR bere alderdiarendako sosa lortzeko asmoz ondorioztatu du justiziak. Izan ere, Chiraci leporatu dizkioten delituak 1993-1995 epean kokatu ditu auzitegiak.

Estatu buru ohiak Pariseko Herriko Etxean "diru publikoari erabilpen bidegabea" eman ziola gaineratu du auzitegiak. Pariseko Auzitegiak errugabe jo du 79 urte dituen presidente ohia eta bi urteko kartzela zigorra eman dio.

Izan ere, Chirac ez da espetxean sartuko, auzitegiak kartzela zigorra "sursis"arekin eman duelako. Edozein kasuan nehork ez zuen espero auzian presente ez den izan buruzagia espetxeratua izatea, Chiracek mediku agiria aurkeztu baitu Alzheimerreko eritasuna duela aitortuz.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi