SEPANSOK salatu duenez, Total enpresak ez du kutsatzeagatik ordaindu beharko
Iaz Pariseko instantzia haundiko auzitegiak Total multinazionala 4 438 692 euroko isuna ordaintzera kondenatu zuen kutsadura sortzen duten aktibitateen gaineko tasa ( TGAP ) aplikatuz. Izan ere, 2012ko finantza lege berrian isuna hori xuritua izan dela salatu du Akitania Eskualdeko Inguramenaren Babesarako Elkarteen federazioak ( SEPANSO ). Hortaz gain federazio ekologistak hauxe nabarmendu du: "Totalek izugarrizko mozkinak lortu zituen iaz ere. Alta, ez du zentimorik ordaindu sozietateen zergaren karietara".
SEPANSOk azpimarratu duenez, Totalek aspalditik kutsadura kimikoa eragin du Biarnon kokatzen den Lacq-eko gaz bilketa gunean. "Kutsatzen duenak ordaintzen du" printzipioa aplikaturik, Total enpresa TGAPa ordaintzera behartua da.
Iazko faktura edo isuna 4 438 692 eurokoa izan zen. Multinazionalaren juristek errekurtso bat jarri zuten Pariseko instantzia handiko auzitegian isuna hori kentzeko. 2012ko finantza legeak "magia joko baten bidez" xuritu duela zorra hori salatu du oraingoan federazio ekologistak.
"Auzitegiak ez du erabaki baten emaiteko denborarik ukan. Ondorioz, krisi egoera honetan Estatuaren buxeta hornitzeko balio zezakeen isuna finantza legearen bitartez ezabatua izan da" adierazi du SEPANSOk.





