Guadalupeko krisiaren itzalpean igaro da gailurra soziala Eliseon

Argitaratua: 2009-02-18 15:07:16

Bart gauean Jacques Bino, CGTG sindikatuko kidea hil egin zuten barrikada baten ondoan zelarik. Gertakari larria salatu ondoren, Sarkozyri Guadalupeko krisiari aurre egiteko eskatu diote gaur Eliseoko bilerara abiatu diren sindikatuek. Presidentea, aldiz, bihar bilduko dela irletako ordezkariekin gogoratu ostean krisi ekonomikoari buru egiteko 2 miliar gora euro "txeke soziala" emateko prest azaldu da.

Joan zen urtarrilaren 20ean piztu zen gatazka sozialaren lehen biktima izan da, bart gauean, tiroz hil duten  Jacques Bino sindikalista. Gobernuak erran duenez, "gendarmeek ez dute herritar hori hil". Alta, LKP mugimenduaren iturri batek "gertakizun larriari buruz informazio zehatzik" ez dutela aitortu du.

Izan ere, Frantziak bidalitako polizien portaera salatu du. Manifestariekin kontra bortizki oldartzeaz gain, "irain arrazistak" botatzen dituztela barrikaden bertze aldean borrokatzen duten gazteen aurka azaldu du AFP agentziak aipaturiko bozeramaleak.

Egoerak txarrera egin du nabarmen azken orduotan, eta "beke" izenarekin ezagutuak diren biztanleri txuriek kudeatzen duten hainbat denedetan lapurketak izan direla jakitera eman dute gobernuaren ordezkariek.

Azken gauean tiroketak entzun dira Pointe-à-Pitren eta suzko barrikadak piztu dituzte manifestariek bide nagusietan. Hiru polizi zauritu dira.

LKP kolektikoaren ordezkariak, Elie Domotak, «ez zuen bizitza ez inorena» arriskuan ez jartzeko deia luzatu die manifestarie kreolez RCI irratiak zabaldu duen mezu batean.

Edonola, polizien jarrera salagarria dela adierazi eta Frantziako Gobernuak Guadalupeko biztanleria mespetxuz tratatzen duela nabarmendu du Domotak.

Luc Chatel, Gobernuaren bozeramalea, bere aldetik, Radio Europe 1 irratian mintzatu da eta "barrikadetan baino batzuk zein besteen tokia mahai baten inguruan" dela aldarrikatu du.

Gaur arratsaldean segurtasun taldea bildu eta bilera amaitu ondoren Alliot-Marie Barne ministroak polizi eta soldadu gehiago bidaliko dituztela Guadalupera iragarri du.

Langabetu eta beharretan diren familiei "prima" berezia
Antilletako lurraldeetan emanen den krisiaren itzalpean burutu da gaur arratsaldean ere Sarkozyk eta gizarte ordezkariek egin duten bilera. Neurri ezberdinak proposatu du presidenteak, bereziki lanaren bila izanik baldintza konkretu betetzen dituzten langileei eta haurren eskolaratzeko "prima" jasotzen duten familiei  "lan sari" berezia ematea ekainetik aitzin defendatu du Sarkozyk.

Otsailaren 5ean telebistaz egin zuen proposamena hobetu du frantziar presidenteak. Orduan 1,4 miliar euro emango zituela krisiak sakondu dituen "injustiziei" buru egiteko iragarri bazuen, gaurko bileran 2 miliar euro gorako "txeke soziala" eskeini du.

Gaurko bilera ostean Guadalupen bizi den egoerari buruz adierazpena egitea eskatu diote Sarkozyri sindikatuek. Honek, ordea, Itsas Haratago lurraldeetako gobernu ordezkariekin bihar bildu arte ez duela deus errango azaldu du.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi