Igandeko kontsultari begira baietzaren aldeko «batasun sakratua» sortu da Martinikan
Urtarrilaren 24ko herri-kontsultari begira kanpainia abiatuko da gaur Martinikan. Urtarrilaren 10ean gertatutakoa eta gero, baietzaren aldeko «batasun sakratua» sortu dela azaltzen digu Audrey Hoc-ek KAZETA.INFOri igorritako bigarren kronika honetan. Bestalde, iazko mugimenduaren lehen urtemugan otsailaren 5erako prestaturiko mobilizazioen berri ematen digu Patrick Doré sindikalistaren ahotik.
Audrey Hoc, Le Diamant hiritik (Martinika), 2010eko Urtarrilaren 17an:
"Urtarrilaren 18an hasiko da baietzaren aldeko kanpaina politikoa Martinikako hamar alderdi politikoentzat. Elgarrekin agertuko dira kolektibitate bakarreko osatzearen alde. Kasu honetan Eskualdeko Kontseilua eta Kontseilu Orokorra batuko lirateke. Batasun sakratu baten aurrean gaude non elgarrekin doaz RMC ko independistak, PPMeko progresistak, « Rassembler la Martinique » eko UMP tendentziakoak eta FSM eko sozialistak. Berezitasun bezala egun horietan : François Bayrou ren bisita ugartean. Azken hau, Modem alderdiaren izenean, « ezetza » azkar baten alde agertu da.
RMC plataformaren eta Modemas-en postura
Urtarrilaren 10eko pena gainditurik, RMC plataformak ( Aldaketarako Martinikar Elgarretaratzea) baietzaren aldeko postura adierazi du Urtarrilaren 24eko bozkarekiko.
RMCk alderdi eta elkarte ezberdinak biltzen ditu : « Bâtir le Pays Martinique », CNCP, RDM, PCM, « Mouvement Populaire Pilotin », Modémas, Palima, « Vivre ŕ Schoelcher », « Objectif 74 », MIM.
Modemas-entzat (Garcin Malsa, Marcellin Nadeau ordezkariekin) sinesmen gabeko « baietza » da : RMC-aren posturari oztoporik ez sortzeko onartu den baietza. Felix Zaîrek dioen bezala (Modemas-aren ordezkaria eta Sainte Anne hiriko hautetsia) : « 73. artikulua ez da gure borroka, eta 74. artikulua erezta egia erran. Gu independentistak gara eta 74.ren aldeko kanpaina eraman dugu gure helburuarekiko urrats bat bezala ikusten genuelako. Elkartasunezko urrats batek bakarka eramaten den urrats bat baino pizu handiagoa du. Urtarrilaren 24rako beraz, baietzaren alde agertzen gara baina argi dago gure hirian, Sainte Anne-en, ez dugula bozkarako agindurik emanen. Gure iduriko, Sarkozyk nahi zuena lortu du, ez genuen oraindik inoiz ezagutu bi itzulitan antolatua den herri konsulta bat ».
Raphaęl Confiant idazlearen garrasia
Martinikako idazle famatuenetarikoak kritika piztu du bere blogean testu bat idatzizgero. Azken honetan garrasi bortitz bat botatzen dio bere populuari. Huna zonbait pasarte :
« […] Aita Txuriak irri egiten du. Haren haur beltzak ez dira seriosak. […]
% 73a «EZ» aren alde Guianan eta % 80a Martinikan. Iduriz, joan den otsailan, Estatu kolonialistaren kontra oihuz ibili direnek Estatu Kolonialistarekiko loturik egoteko xedea azkarki adierazi dute. Frantsesak betirako, hori adierazi omen dute! […]
Jendetza horri hori diot : zoazte antzarrak ferratzerat ! Populu honi diot kaka baino gutxiago balio duela, alienatu eta elikatutako biltzar bat dela, kuraiarik gabekoa. Munduko mapan tatxa bat, zikinkeri bat. Kaka meta bat.[…]
Patrick Doré, UGTM sindikatuaren orderkariarekin hitzordua
Patrick Doré, UGTM sindikataren ordezkaria, dudan dago Otsailaren 5eko greba mogimenduarekiko. Populakuntzaren % 80 ak Urtarrilaren 10eko bozkan ezetza adierazi badu, nola lor daiteke mobilizazio azkar bat Otsailaren 5an ?
Oroitaraztekoa da nolako jendetza bildu zen Fort de France-ko karriketan joan den urteko Otsailaren 5an. Denak elgarrekin baliatze eta esplotazioaren kontra bildu ziren : « Otsailaren 5eko Kolektiboa » osatu zen orduan.
Urtebetetzearen bezperan, Patrick Doré sindikalista urduri dago batez ere Urtarrilaren 10eko bozkaren emaitzak kontutan hartuzgero. Martinikar herriaren askatze prozesu garaian emaitza honek logikarik ez duela adierazten du : « badirudi duela 30 urteko lanak ez duela ezertarako balio izan ! Porrot itzela da ! Gainera iduritzen zait Kortsikarrak eta Euskaldunak gu baino penatuagoak direla ! »
Aurten, Otsailaren 5eko eguna urtebetetzearen ospakizun sinboliko bezala biziko dute Martinikarrek. Egun bateko mobilizazio eguna beraz. Greba egun gehiagoren segitzeko zaila ikusten du Patrick Dorék.
«Garai honetan Haiti da aipagai nagusiena. Martinikarrek haien elkartasuna erakutsi nahi diote auzotzat duten Errepublika Beltzari. Nahiz eta joan den urteko arazoak mantenduak diren populakuntzak ez du greba lehentasuntzat ».
Horrezgain, populakuntzak, ekintza politiko eta sindikalistan geroz eta konfiantza gutxiago duela dio Patrick Dorék. Jendeak ez du ekintza horietan gehiago sinesten. Ainitzek sufritu dute eta haien enpleguak galdu dituzte . Greban parte harzeagatik ? Edo ez ote zen jada enpresen hautu bat greba hasi aitzin ? Kalkulu politikoa ?
Populakuntza ekintzen gogortze prozesu batean sartuko ote dira beraz? Patrick Dorék beldur hori dauka, batez ere gazteekiko : « Hirugarren bide bat aurkitu behar dugu. Eta bide hau ez da PPM alderdiak proposatzen duena!». Martinikako borroka sindikalistari buruz galderak dauzka : « ez ote gara sobera sartu borroka instituzional batean ? ».
Patrick Dorék Guadalupeko borroka adibidetzat hartzen du, haatik egoera arrunt ezberdina dela dio. LKPk parte hartze orokor bat lortu du : aurkako podere baten sorrera ». Guadalupeko Urtarrilaren 20eko mobilizazioa arreta handiz segituko du beraz.
Halere, UGTM sindikatak jendetza espero du Otsailaren 5an : « Borrokak segitzen du, historia aitzina doa, ez eta atzeruntz ! Utopiarik gabeko iraultzarik ez dago ! » amaitu du Patrick Dorék. Otsailaren 5an ikusiko dugu beraz. Hitzordua dugu.
(Testua osorik irakurri hemen )
(Audrey Hoc-ek igorritako lehen kronika irakurri hemen )





