3.429

Xabier Lekuonak Berria kazetan idatzitako zutabea.

Eguneraketa: 2010-07-28 15:12:07

Euskaraz, behintzat, 3.429 karaktere ditu duela bost urte IRAk behin betiko armak uzten zituela iragarri zuen agiriak. Edo, bestela esanda, 3.429 karaktere dauzka soil-soilik baketsuak diren bideetatik ekiteko agintzen zuen agiriak. Karaktere gutxi, mami handia.

Sinn Feinen estrategiaren bidez Irlanda batzeko aukera bazegoela adierazi zuen IRAk. «Gure iritziz, -dio 2005eko uztailaren 28ko agiriak- orain badugu helburu hori lortzeko eta britainiarrek gure herrian duten agintea amaitzeko bide alternatiboa. Boluntario guztien erantzukizuna da, beraz, aitzindaritza gaitasuna, erabakitasuna eta ausardia erakustea».

Urte luzeetako kapital politikoa garai berri baten mesedetan jarriko dutela irakurtzen duzu agirian, eta batasun deiak nonahi. «Ahalik eta batasun eta ahalegin handiena eskatzen diegu irlandar errepublikano guztiei. Ziur gaude elkarrekin lan eginez gero irlandar errepublikanook gure helburuak lortuko ditugula».

Irlanda ez da Euskal Herria. Baina begi bistakoa da, han bezala, hemen, aitzindaritza, erabakitasuna eta ausardia erakusteko garaia datorrela urte luzeetako kapital politikoak fruituak ematen jarrai dezan, bi bizilagunek gure herrian duten agintea amaitzeko bide alternatiboa nagusi dadin.


Komentarioak

Komentarioa idatzi