Aldarrikapena
4 golfen aurkako erasoen karietara Irulegiko Irratian jaso duten agiria
Agiri honen bitartez, Euskal Herriko lau golfetan aitzurekin burutu diren ekintzak gure gain hartzen ditugu:
Maiatzaren 13an, Angelun (Xiberta)
Maiatzaren 28an Arrangoitzen,
Uztailaren 29an Donibane Lohitzunen (Xantako) eta Ziburun.
Orotara, 40 green izan dira iraulduak. Arrangoitzeko ekintzari dagokionez, golfeko jabeek eta gendarmeriak ez dute gertakariaren berri eman nahi izan.
Zergatik ekintza hauek ?
Eragin dtuzten erreakzioei so egin ezkero, iduri luke jomugaz tronpatu girela: golfak lekuko ekonomiaren motore eta enplegu sortzaile omen dira. Beraz, horrekin aski da edozoin iharduera onartzeko eta zuritzeko ? Naturari kalteak pairaraziz, green horiek moketa bezain goxo eta eder izan daitezen pozoin tonaka botatuz eta ura ausarki xahutuz ? Krisi ekologikoa denen ahotan dagoelarik, batzuek betiko argudioari heltzen diote, ekonomia sakratuaren izenean. Enpleguak dauden bitartean (naiz eta batzuk prekarioak izan ), dena da aizu: laborantzari eremuak kentzea, amalurra izorratzea... lekuko ekonomiari benetan mesede egin nahi badiote, golfetako arduradunek zergatik ez dituzte beren lurrak probetxuzko iharduetara xedatzen ?
"Golfak ez dira turismoari hain lotuak eta eskaldunen arima bera dira". Arazoa ez da bertakoa edo turista izatea, baina Ipar Euskal Herria nork eta zertarako erabiltzen duen ikustea. Lapurdiko kostaldea, meleruski, aspaldian da turismoaren monokulturaren menpe. Lekuko eta kanpotiar dirudunen arteko aferak ongi martxan dira. Politago eta integratuago izaten saiatzeko ikurrinekin apainketen egiteak ez du deus aldatzen. Angelutik Hendaiaraino dagoen bitarte labur horretan, guttienez zortzi golf zenbatzen ditugu. Denak ez dira hein berekoak, baina handienak, dudarik gabe, Parisetik Ipar Euskal Herriari manatzen zaion lur kudeaketaren parte dira: aisialdirako behar diren azpiegitura guziez hornitu lurralde bat, populu exoriko eta morroin batekin. Ez hori bakarrik: Arrangoitzeko eta Basusarriko golfek belarguneen bazterretan proiektu handiak garatu dituzte, bigarren etxebizitzekin, ikaragarriko prezioa duten etxeekin eta turistendako erresidentziekin. Gure herrian dagoen lur eta etxeen prezioen emendaketan zuzenki parte hartuz.
Zorionez, hemen, Kortsikan bezala, talde politiko, sozial eta armatuek "Côte d'Azur" zimentatu eta ostikatu bat gehiago bilaka ez gaitezen lanari ekin diote azken hamarkadetan, espekulazioari eta nortasunen desagerketari aurre eginez. Gure herriaren geroa eta kudeaketa jaunttoen esku utzi bagenu, zer litzateke gaur Euskal Herria ?
Duela urte batzu "Euskal Herria ez da salgai" dinamika abiatu da, borroka tresna desberdinen bidez edozer gauzaren onartzeko prest ez girela erakusteko. Frantziako gobernamenduak berriz ere errepresioaren bidez jo nahi izan du dinamika hau, atxiloketak eta frogarik gabeko presondegiratzeak burutuz. Burua makur dezagun nahi dute. Arrunt tronpatzen dira. Hasitako lana segituko dugu eta dei berezi bat zabaldu nahi diegu borrokara sartzeko gogoa duten guzieri: ez beldurtu eta has zaitezte, lagun taldeetan, herrietan, antolatzen. Soilik elgarrekin eta numbre handian lortuko dugu menpekotasun politika honen geldiarazten, sozialki eta ekonomikoki behar ditugun egiturak eraikitzen, askatasunera buruz joaiten.
Lotu borrokari
Lurra defenda dezagun
Euskal Herria ez da salgai
















