"Bihartik aldi berria zabal dadin, mugarri jarri dugu gaur"

Bilboko manifestazioaren ostean irakurritako mezua

Eguneraketa: 2012-01-08 22:12:36

Arratsalde on Euskal Herria, agur bero bat denoi! Lehen lehenik, preso direnei, erbestean daudenei, eta beraien senide guztiei gurebesarkadarik sentituena bidali nahi diegu. Gaurko martxa presoen senideek zabaldu dute. Asteburu honetan ez dira joan preso dituzten familiarrak bisitatzera,mobilizazio historiko honetan parte hartzearren. Txalotzekoa da zuen kemena.

Bigarrenik, zorionak denoi! Zorionak gaurko eguna zinez kolosala egin duzuen guztioi. Aste hauetan zehar gutariko bakoitzak egindako lanari esker, Bilboko kaleak jendez gainezka daude gaur.

Baina gaur bada bereziki beste aldera begiratzea ezinezkoa zaionik. Espainiako eta Frantziako gobernuei saihestezina zaie Bilbon islatzen ari den eskakizun eta borondate zabal honi so egitea. Saihestezina egin behar zaien bezala bihartik aurrera gatazkaren konponbidean egiazko pausuak ematen hastea, euskal preso eta iheslarien eskubideak errespetatzen hasiz.

Euskal jendartearen gehiengo zabalak hizki larriz aldarrikatzen du euskal presoen eskubideen errespetua. Ez gara bakarrak. Nazioarteko ospedun erakunde askok eta esperientzia handiko pertsona ugarik eskakizun bera egiten baitie espainiar eta frantziar gobernuei.

Horregatik, bihartik aurrera aldi berria zabal dadin mugarria egin dugu gaur. Eta bihartik aurrera, euskal jendartearen gehiengoak ez du espero, euskal presoen eskubideak errespetatzen hasteko aldi berria besterik: Dispertsioari amaiera emanez eta euskal presoak eskubide guztiekin Euskal Herrira ekarriz. Bizi arteko zigorra ezartzeko 197/2006 dotrina derogatuz, kondena bete dutenak eta gaixorik aurkitzen direnak kaleratuz, bai zigorraren bi herenak eta hiru laurdenak bete dituztenak ere. Frantzian diren euskal presoei askatasun kondizionala aplikatzen hasiz, eta isolamendu nahiz bakartze egoerekin betirako amaituz.

Jakin badakigu kartzeletako giltza gobernuenen eskuetan dagoela. Hala ere, aldaketaren giltza euskal jendartearen eskuetan dagoela ere badakigu, eta herritarrok, modu aktiboan inplikatzen bagara, aldaketak eragin eta egoera berriak sustatzeko gaitasuna dugu. Horregatik bihartik aurrera ere lanean jarraitzeko deia luzatuz amaitu nahi dugu gaurkoan. Herri, hiri eta auzo guztietan busti gaitezen aurrerantzean ere, euskal presoen eskubideen alde,  herri bilguneetan parte hartuz, ekimenak bultzatuz, gure ikuspegia zabalduz eta inguruko guztiak konbentzituz.

Dudarik gabe, lortuko dugu!
Zorionak eta laster arte!


Komentarioak

Komentarioa idatzi