Burdinez
Itxaro Borda idazleak Berria kazetan idatzitako iritzi artikulua.
Hamas alderdia Gaza gobernatzen hasi zenetik, israeldarrek burdinezko ahurrez kudeatzen dute lurralde haien setioa. Asteburu honetan tentsioak maila bat gainditu zuen. Gazako bizitzale gosetuak sustengatzeko Zipre uhartetik abiatu ziren hamar bat ontzi azkar, baina ez zuten sekula helburua lortu. Gerra garatzen doa gutarik hurbil, mediterraneoar itsaso urdin bezain jabalaren hegian hain zuzen.
Asteleheneko erasoan bederatzi laguntzaile kalitu zituen Jerusalemeko armadak. Haietarik anitz turkiar hiritarrak. Askatasunaren potin erraldoietan medikuak baziren, eurodiputatuak, kazetariak eta palestinarren alde bermatu zenbait politikari. Zazpi ehun eta berrogeita hamar jende orotara. Pantailetan kasik buklean agerturiko irudiak nahasiak ziren, nehork ez zekiela nork hasi zuen lehen sua.
Bertsioak bata bestearen aurka altxatzen zitzaizkigun, nolabait argi zegoela aurreneko tiroa israeldarrek zutela bota, sasi-marinelen terroristekiko lotura azpimarratu zutelako. Geroztik munduan zeharreko plazak Israelen ekintza odoltsua salatzeko mukurutzen dira. Istanbulen. Parisen. Israeldarren petto diplomatikoak ekialdeko politika alorrean ustegabeko ondorioak ukan ditzake.
















