Demoek 2008ko abenduaren 28an Mugerre-Elizaberrin eginiko mintzaldia
Demo mugimenduak plazaraturiko hausnarketa
Presoekiko elkartasun aktiboa :
Demoen lehen ekintza, 2000ko urtarrilaren 6an, presoen sustengatzekoa izan zen.
Kasik 9 urte berantago, gaur, berriz ere adierazi nahi dugu euskal preso politiko guziek, bai eta ere haien familiek gure elkartasun aktiboa merexi dutela :
- zeren, haietako anitz preso baitira aktibitate militante publiko arrunt batzuengatik, delitu bihurtuak Estatu espainolak sistematikoki ilegalizatzen dituelako hainbat mugimendu politiko eta sozial independista, molde eskandalagarrian. Eginmolde hau antidemokratikoa da, jende eskubideak eta oinarrizko askatasunak larriki kolpatzen ditu, eta gatazka armatuaz ateratzeko bide baketsuak eta demokratikoak zailago baizik ez ditu egiten.
- zeren, nahiz eta ETAren estrategiarekin eta borroka armatuaren jarraipenarekin batere ez ados izan, pentsatzen baitugu borroka armatua erabiltzeagatik preso direnak gatazkaren ondorio direla, eta gatazka hau luzatzen dela 2 estatuen aterabide negoziatu, demokratiko eta iraunkor baten aurkitzeko borondate eskasarengatik. Autodeterminazio eskubidearen ukapen antidemokratikotik heldu den gatazkaren ondorio dira. Mendebaldeko Europaren barnean, 2008 urte honen bukaeran, kasik 800 euskal preso izaitea, 3 miloi biztanleko herri ttipi batean, Euskal Herriak bizi duen gatazkak izaera politikoa duela frogatzen du.
- zeren, preso hauen eskubide oinarrizkoenak, eta haien familienak, sistematikoki ukatuak baitira: dispersioa, urruntzea, tratu txarrak, beren kondena bete duten presoak ez askatzea, larriki eri direnak preso atxikitzea, eta abar... diskriminazio larri honek ondorio dramatikoak ditu, bai presoentzat, bai familientzat, haietako anitz hiltzen edo larriki zauritzen baitira bide istripuetan, bisitentzat egiten dituzten bidai amaigabeetan. Baina zuzenbide estatua ere kolpatzen du, askatasunaren murrizketa gero eta molde ageriagokoan (Parot doktrina, egiazko biziarteko zigorra...). Askatasunaren murrizketa hau kondena penalak baino lehenagokoa da (torturak, tratu txarrak, engainuzko auziak, defentsa eskubideak osoki baztertuak...). Azkenean, demokraziaren eta justiziaren atzerapauso hau jendarte osoak jasaiten du.
- zeren, ez baita aterabiderik aurkituko, gatazka ez baita geldituko, gatazkaren eta bere ondorioen gogortzetik, baizik eta gatazkaren eztitzetik eta lasaitzetik.
Estrategia militarraren jarraipenarekiko desadostasun osoa :
Presoekiko elkartasunak ez du neholaz ere erran nahi gaur egun Euskal Herrian irauten duen borroka armatuaren estrategiarekiko elkartasuna, eta gutiago oraino honekin ados izaitea.
Demoen iduriko, estrategia armatua osoki kontaproduktiboa da eta haren iraupenak amnistiaren kausa, presoekiko elkartasunaren kausa arras ahultzen ditu.
Gaur, preso batzuek oraintxe azaldu dugun iduriko analisia adierazten dute, publikoki. Jakinez zer baldintzetan egiten duten, haien jarrera zinez ausarta eta baliosa da, eta hemendik txalotu nahi dugu. Horrela pentsatzeagatik eta mintzatzeagatik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren izenean mintzo direnek tratatu dituzten moldea, osoki baztertzekoa da eta ezker abertzalearen barnean etengabea eta askea izan beharko lukeen beharrezko debatea okertzen du.
Badakigu, eta indar berdinarekin kondenatzen dugu, 2 Estatuek debatea oztopatzen eta debekatzen dutela, eta debate hau ez dela aske, errepresioarengatik, ilegalilazioengatik, dispertsioarengatik eta presoen bizi baldintzengatik. Baina ez da aitzaki bat presoen arteko barneko debatearen isilarazteko, eta haien analisia desberdinak, haien desadostasunak hitz arras politikoetan eta barneko komunikazioaren bidez adierazi dituzten presoen aurkako bazterketa eragiteko eta eraso gezurtiak egiteko.
Zerez beldur dira ? Presoek egiazki pentsatzen dutenaren entzuteaz ? Zergatik presio hauek ezarri ? Egiazki pentsatzen dutena adierazi nahi luketen ondokoen beldurtzeko ? Horrelako jokamoldeak lotsagarriak dira mugimendu abertzalearentzat, mugimendu iraultzaile edo progresista batentzat, mugimendu demokratiko batentzat.
Arrazoia ukaiteaz segur denak ez da mintzoaz beldur, ez da adierazpen askatasunaz beldur, ez eta kritikaz eta autokritikaz.
Eta ez du ezertarako balio errealitatea ukatzea, errealitateak beti harrapatzen baigaitu, eta gehiago iraun ukapenean eta gogorkiago jotzen gaitu.
Euskal preso politiko guzien elkartzea eta debate askatasuna haien artean !
Eta orain, ahots kritiko hauek erasoko dituzte gobernuak preso batzuk hurbiltzen baititu beste batzuk urruntzen dituen bitartean.
- arerioak maniobra hauen ondorioak politikoki kalkulatzen dituelarik, haren jokoan sartu behar balitz bezala.
- segunda batez pentsatu gabe burujabetasunaren aldeko estrategia zibil baten alde publikoki mintzo diren presoen jarrera politikoaren ahultzea dela Rubalcabaren maniobraren helburuetako bat.
- nahitara ahantziz gobernuak denbora berean Parot doktrina aplikatzen diela preso hauetako batzuei, Kepa Pikabeari adibidez : sari bitxia !
- nahitara ahantziz ere, urruneko edo hurbilagoko presondegietan, militante hauek aspaldidanik eta luzarako preso direla eta garesti ordaintzen dutela haien engaiamendu abertzalea, eta haiekin batean familiek, eta guzi horrek errespetu minimo bat merexi duela bere burua ezkerreko militante abertzaletzat daukan edozeinenganik.
Josebak eta Carmenek beren aldetik idatzi dueten maneran, guk ere ozen aldarrikatzen dugu preso guziak hurbilduak eta elkartuak izan behar direla, zeren, hurbilketa Demoen hiru aldarrikapen nagusietako bat izateaz aparte, sinesten baitugu elkartzen balire preso anitzek IRAko presoen jarrera berdina hartuko luketela. Haiek elkartuak ziren, estrategia zibilaren apostua egin zuten, eta estrategia horrek Irlandako borroka armatuaren bukaera ekarri zuen
Preso guziekiko elkartasuna
Sekulan baino gehiago, presoek abertzale guzien elkartasuna merexi dute. Eta guziek erraiten dugularik, guziek !
Sustengu bazkari honen bidez, jarrera politiko bat adierazteagatik preso hau edo bestea elkartasunik gabe uztearen kontra gaudela erakutsi nahi dugu. Oraino gehiago jarrera hau, gure ustez, Euskal herriko ezker abertzalearen oinarri sozial eta politikoaren gehiengoa, jarrera horrekin ados delarik.
Haien aurkako bazterketa horrengatik, burujabetzaren aldeko dinamika zibil eta bateratuen pizteko, borroka armatuaren garaia bukatzeko beharrari buruzko analisia berdintsu horrengatik, azpimarratu nahi dugu Demoentzat preso guzientzako sustenguaren barne dela Kepa, Txelis, Joseba eta Carmen sustengatzea, bai eta haien jarreran liratekeen preso guziak ere.
Errepresioaren aurkako borroka indartu :
Are gehiago, pentsatzen dugu preso hauek adierazten duten jarrera politiko eta estrategikoak abertzale eta demokrata anitzen engaiamendua errexten duela, euskal preso politiko guzien sustenguaren eta elkartasunaren alde. Sentsu horretan, pentsatzen dugu jarrera politiko hauen adierazteak errepresioaren aurkako mugimenduak indartzeko balio duela, eta ez haren ahultzeko, batzuek sinetsarazi nahi liguketen bezala.
Abertzaleon borroka, errepresioaren aurkako borroka horretan ere zorretan dago presoen kolektiboaren barnean horrelako iritziak eta analisiak badaudela erakusteko ausardia politikoa izan dutenekin.
Errepresioaren aurkako borroka, errepikatu nahi dugu, sekulan baino ezinbestekoagoa da. Errepresioaren biktimekiko elkartasuna ezker abertzalearen eguneroko borrokaren parte izan behar da. Errepresioaren aurkako dinamika independenteak indartu behar dira, iņongo abangoardiak edo estrategia politiko militarrak erabiltzen ez dituenak. Molde autonomoan ibiltzen diren elkartasunezko mugimenduak behar ditugu, presoen eta familien zerbitzu bakarrean, eta jendarte osoaren askatasunaren eta oinarrizko eskubideen defentsaren zerbitzukoak. Ahal bezainbat jenderen sustengua, sentsibilitate ezberdinetakoak, antolatzeko eginahala eginen duten mugimenduak, presoen eta familia-lagunen aniztasuna, mugimendu abertzalearen aniztasuna, euskal jendartearen aniztasuna errespetatuz. Helburu nagusia indar harreman zibil eta demokratiko baten eraikitzea da, bai euskal herrian bai Euskal herritik kanpo, sustengu zabalak biltzea helburu luketen mugimenduak, 2 estatuen aurrean zinezko pisu baten ukaiteko eta euskal preso politikoen oraingo eta geroko egoera egiazki aldatzeko.
Gu denen gain da :
Gu denen gain da, ez da iniziatiba ttipirik, ahalegin alferrikakorik, edozeinek parte hartzen ahal du, eta bere neurrian berreskuratu behar du euskal preso politikoekiko elkartasuna eta sustengua, bazterketa jarrerak saihestu eta tinko adierazi gure borondatea aterabide hoberenaren aurkitzeko, demokratikoena, jende legezkoena, iraunkorrena, euskal herriaren eta 2 estatuen arteko gatazkatik eta haren ondorioetatik libratzeko.
Bitartean, euskal preso politikoen eta familien oinarrizko eskubideen aldeko borroka mugimendu abertzalearen eta demokrata guzien etengabeko lehentasuna izan behar da, Euskal Herri osoan. Horregatik, gaur Demoek Euskal Herri osoko jendea deitu nahi dugu Etxeratek urtarrilaren 3an, larunbatarekin, Bilbon antolatuko duen manifestazioan parte hartzera.
Presoak Euskal Herrirat !
Presoak etxerat !
Amnistia osoa !
Komentarioak
oihan
2008-12-30
1.- IRAko presoek (ostiral santuko hitzarmena onetsi zutenek) gauza bat argi adierazi zuten: bide bat hartu zein bestea hartu, inportanteena denok batera hartzea zela, zatituez gero dena galtzea izango litzateke.
2.- Txelis eta Pikabeak publikoki adierazi zuten eurek irten zirela EPPKtik.














