ELBk laborariak sustengatzen ditu AHT linearen kontrako borrokan
Prentsa-agiria
Gaur goizean, hamarnaka laborari bildu dira Urruñako herriko etxe aintzinean Paueko Laborantxa Ganbararen etortzea kari. Abiadura Haundiko Tren (AHT) linea proietuak hunkiko dituen etxaldeen diagnostikoa egin nahi zuen Paueko instituzioak. Laborari guziek errefusatu dute, beren lurretarik kanporatzeko lehen urratsa dela argudiatuz.
ELBk bere sustengu osoa ekartzen die hego Lapurdiko laborarieri. Ondoko egunetan, desmartxa berdina errepikatuko da Lapurdiko beste herrietan. Proietuaren kontra bat egitera deitzen ditugu laborariak.
Euskal Herriak bere laborari guziak behar ditu, Lapurdiko hiri bazterretan partikulazki. AHT linea proietuak ez ditu iraunkortasuna eta ekolojia sustatzen. Kostaldean gelditzen diren laborantxako azken gune berdeak suntsituko ditu.
Gaur Urruñan ziren Paueko Laborantxa Ganbarako buruzagiek ez diete laborarieri zerbitzu egiten etxaldeen estimazioak segurtatuz. Garapena pentsatzea laborantxa oinarritzat hartuz, hara zer ukan behar luken helburu gisa Chambre d’agriculture egiturak. Horren partez, su hiltzaile lanetan mugatzen da. Laborantxaren eta kostako laborarien defentsan arizan balitz, AHT proietuaren ondorio ekonomikoak aztertu behar zituen, eta kalte horiek proietuaren kontrako argumentazioari lotu.
Etxaldeak nonbrean mantentzean eta salmenta bide laburren garatzean eraikitzen da geroa, ez AHT bezalako proietu suntsitzaileetan.
















