Etsituak
Itxaro Borda idazleak Berria kazetan idatzitako artikulua.
Hiritarrak erretreten erreformarekiko etsituak direla erakusten duten aburu-ikerketak txalotzen dituzte, hogei urteko zirika moral politikoak azkenean emaitza bikainak dituelako. Cope diputatuak erretiroaren finantzaketa osoa CSG bidez egitea proposa dezake, nagusi sainduak inplikatu gabe. Halaber irri euforikoz lehertu daitezke Alain Minc eta Raymond Soubie jaunkillotak, Sarkozyren eminentzia grisak.
Isil ezinak dira. Hauentzat ez dago krisirik. Alderantziz. Sindikatuek deitu manifestaldiak asto-uzker zaizkie eta eskubide sozialen murrizketek ez dute Grezian bezala Estatua biolentziaren menpe jarri. Kripto-kazeta zenbaiten arabera pole emploi eta plein emploi hitzekin jostatzen dira arraiki, txiste hobeagorik sekula egin ez bailitzan. Alain Minc-ek jendarte neoliberalaren ezaugarri onetarik bat azpimarratzen du: bakartuago eta jendeak sistema onartzenago. Ederra da filosofia.
Esertzeko baliatzen genuen abarra segarazi digute auzoarena zela erranez. Arbola jada bilutsik da. Gutaz nahi dutena dagikete eta MEDEFeko Guillaume Sarkozyk dioenez «klase borrokarik baldin bada oraindik segur izan zaitez gu garela eguneroko irabazleak».
Familia horrekin etsitzeko arrazoiak baditugu alaina.
















