Euskararen aldeko lege babesaren premia

Maider Heguy eta Joseba Garai, EHBai izenean.

Eguneraketa: 2010-02-22 13:20:16

Joan den otsailaren 12an, eskualdeko hauteskundeen kanpainaren karietara Sohütako ikastolako buraso, ikasle eta irakasleek Alain Lamassoure UMPko alderdiaren hautagaiaren zorioneko bisitaldia ukan zuten. Deigarria da nolazpait, Konstituzioan Errepublikaren hizkuntza frantsesa da adierazten duen Toubon legearen egileetarik den arduradun politikoak, gaur egun Ipar Euskal Herrian murgiltze sistemaren bidez, euskararen ikaskuntza bermatzen duen eskolaren gerizapean kazetalariak bildu nahi izana.

Iduri du gaur egun, euskarak balio erantsia duelakoan politikari guziek publikoki harrotu behar dituztela haren defentsan egin balentriak. Haatik, entzuten diren egitasmoen doinu ederrek ez dute beti ber erranahia alderdi bereko arduradun politikoen ahoetan. Izan ere, Alain Lamassoure jauna bere adierazpenetan Frantziak Europako hizkuntz guttituen hitzarmena izenpetzearen alde agertu da soilik, frantses gobernu edo legebiltzarraren aldetik bestelako lege proiektu edo proposamenik eskatu gabe.

Bestelakoa da duela ez hain aspaldi, ausartago ote? Max Brisson bere alderdi kidea eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria denak hainbat egunkaritan jakinarazi zuena, hots, Frantziako legebiltzarreko deputatuek apailatua lege proposamen baten premia defenditzen zuelarik.

Dena den, adierazpenak adierazpen, euskararen egoera juridiko-politikoaren errealitateak gordina izaten jarrikitzen du. Kontseilu konstituzionalak ukatu zuen bere garaian gobernuak izenpetu euroxartaren neurri apalenak ere legebiltzarrak berretsi zitzan. Halaber, joan den urterako, Errepublikako lehendakariak eta kultur ministroak hizkuntz guttituei buruzko hitzeman lege proiektua ez da gehiago beharrezkoa ikusten. Frantses gobernuaren aldetik, nahikotzat ematen da beraz, 2008an egin konstituzioaren erreformaren ondotik 75-1 artikuluaren bitartez, era mugatuan, aitortzen den lege babesa, hala nola, eskualdeko hizkuntzak errepublikako ondare gisa ezagutzen dituena. Alta, ez dira gutti haratago joatearen premia azpimarratzen duten erakunde, legegizon, hizkuntzalari, eragile politikoak. Euskalgintzako partaideek ere horrela jakitera eman zuten ofizialtasunaren alde urriaren 24ean antolatu zuten manifestazio arrakastatsuan.

Frantziak erakusten duen jokamolde labur eta tematia gero eta guttiago ulertzen da nazioarteko bilgune eta erakundeetan. Izan ere, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak berriki honela iradoki dio Frantziako estatuari, hala nola, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenak 27. artikuluaren arabera bere jokamoldea alda dezala, hizkuntz, errelixio eta populuen ezagutza ofiziala behar bezala bermatu ahal izateko. Berdintasunaren izenean, égalité printzipioetan oinarriturik, Frantziak behin eta berriz gizatalde guttiagotuen eskubideak zanpatzen ditu.

Akitania eskualdeko hauteskunde hauetan, EHbai koalizioko partaideek euskara bizi irauteko beharrezkoa duen lege babesa ozenki aldarrikatu nahi dugu. Alabainan, Frantses gobernua lurralde kolektibitateen erreformari lotu den garaia hauetan, ulergaitza liteke lekuko administrazioak hizkuntzen lege batek eskain lezazkeen ahalmen juridikorik gabe bere hizkuntza politika aintzinera eraman behar izatea. Ipar Euskal Herriko biztanle orok arlo publikoko aktibitate guzietan bere hizkuntzan aritzeko eskubidea bermatu gabe, delako berdintasunaren printzipioak osoki ukatuak dira.

Horregaitik garrantzi haundikoa da heldu den martxoaren 14eko hauteskundeetan, euskarak pairatzen duen mespretxua irmoki salatuz eta euskararen ofizialtasunaren lortzeko bidean baliagarria izan dadin, EHbai koalizioak eginahala boz kopuru gehien biltzea.


Komentarioak

Komentarioa idatzi