Informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea urraturik: Diskurtsotik ekintzetara jauzia egiteko ordua da

Jone Josié, Kontseiluaren izenean.

Eguneraketa: 2010-03-12 15:20:43

Martxoaren 14an eta 21ean iraganen diren Eskualdeko hauteskundeen karietara Kontseiluak komunikazio euskarrien, proposamenen eta adierazpenen neurketa burutu dute. Azterketa hau egin ondoren atera dezakegun ondorio bat da euskararen alde edo honen lege babesaren aldeko aipuak alderdi gehienek egiten badituzte ere, oraingoan ez dute praktikan jarri. Izan ere, alderdi bakar batek ere ez du bere euskarri guzietan informazioa bi hizkuntzetan modu orekatuan bidali. Euskararen aldeko hitzak bai, baina ekintzak, ez. Horrela laburbildu dezakegu. Herritarroi hortaz, informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea urratu egin zaigu.

Duela zenbait aste Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak hiru eskaera konkretu luzatu zizkieten hautagaiei: Gobernuari hitzeman legea egitea galdegitea, euskara eta okzitaniera Akitania eskualdeko berezko hizkuntzak direla ofizialki aitortzea eta azkenik Akitania Eskualdeko Kontseiluaren aurrekontuan %2a hizkuntza horien aldeko politika egokia eramateko engaiamendua hartzea.

11 zerrenden gain hiruk erantzun dute zuzenean: Lutte Ouvrière, UMP eta Forces Aquitaine alderdiek, hain zuzen ere. Forces Aquitainek hizkuntzentzako estatus legala lortzea egitarauan sartu aldarrikapena dela erantzuten du, eta euskara eta okzitaniera eskualdeko hizkuntza gisa aitortu behar dela gaineratzen du, aurrekontu xifraturik eskaini gabe. LO-k krisia ekonomikoa du lehentasunezkotzat jotzen, eta “langile hizkuntza edozein izanik ere, langileen defentsan jarduten dutela zehazten du, ondorioz, hiru puntuak ez dituztela egitarauan barneratuko adierazten dute. UMP-k dio “nazio mailari doakionez, lege bat beharrezkoa dela”. .

Hizkuntza gutxiagotuen estatusa eta legearen beharrari doakionez, lau zerrendek argiki aipatzen dituzte hizkuntzen estatusaren beharra eta legea: EH bai koalizioa, Europe Ecologie, Forces Aquitaine, NPA. EHbai koalizioak ofizialtasuna eta legea aldarrikatzen ditu, Europe écologique eskualdeak hizkuntza gutxiagotuei koofizialtasuna eskainiko diela adierazten du, Forces Aquitainek aldiz, Frantziak hizkuntzak ezagutu ditzan aldarria sustengatuko duela dio eta estatus legalaren beharra aipatzen du. Azkenik, NPAk, Eskualdeak Euroituna izenpetuko duela dio. Alliance écologiste indépendante, FN, Front de gauche, LO, PS eta UMP zerrendek ez dute gai honen inguruan inongo aipamenik egiten, nahiz eta Alliance écologiste indépendate, Euskadi Europan, Front de Gauche PS, , eta UMP-ek molde lausoan bada ere, hizkuntza hauen aberastasuna eta sustapen beharra aipatzen duten. PSek Okzitanieraren aldeko erakunde publiko baten sorrera proposatzen du eta eskualdeen arteko karta baten osaera.

Haatik, EHko kazetan, eginiko erantzunetan, legearen alde agertzen dira PS eta UMPko ordezkariak. Izan ere, UMP-k Konstituzioaren aldaketak hizkuntzen ezagupen ofiziala baimentzen duela dio. Horrez gain, Konstituzio aldaketaren gauzapena Eurokartaren berrestearekin edo lege baten sorrerarekin definitzen du. Haatik, Gobernuak argiki esan zuen Eurokarta berresteko tresna ez zela izango eta legearen beharra kolokan ezarri du. Bere aldetik, Front de gauche-eko zerrendak dio Errepublikaren kontra joatea litzatekeela hizkuntza eta kultura hauen eskaerei eta kezkei arreta ez ezartzea, deus ez egiteak hizkuntza hauen desagerpenaren aldeko hautua egitea litzatekeela. Haatik, estatusa ez du aipatzen.
Ondorio esanguratsuak plazaratu ditu Kontseiluak, batetik, herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea alderdi guztiek urratu dutela agerian utzi dute ez delako alderdi bakar bat ere euskarri guziak elebitasun orekatuaz, gutxienez, argitaratu dituenak. Horrez gain, nagusiki gaur egungo egoera onartzearen aldeko ditugu alderdi gehienak eta oso gutxi dira pauso eragingarriagoak proposatzen dituztenak.

Bestalde, euskararen normalizazioan garrantzi handikoak diren gai asko ez dituzte barneratu aipatzen(alor sozioekonomikoa, aisialdia, administrazioaren euskalduntzea...). Euskara ondarea dela bageneki Konstituzio aldaketa gauzatu zenekoan argiki agerian utzi zigutelako, eta, ikuspuntu horrekin bat egiten dute zerrenda gehienek. Haatik, ondareaz hitz egiten bada, babestu beharraz, diskurtsoa ez dator bat euskarrietan agertzen den euskararen erabilerarekin. Hala ere, euskararen aldeko hizkuntza-politika behar dela denek defendatzen dute modu batez edo bestez.

Datozen bi asteburuetan iragango dira hauteskundeak. Egitarauetan jasotako proposamenak gauzatzen ote diren ikusteko denbora gehiago beharko dugu, ordea. Hitz ederretatik harago joango ote diren ikustear dago. Gure aldetik aldarrikapena argia da: euskarak lege geriza behar du, estatus egokia, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatuko dituena. Hitza hitz!


Komentarioak

icon

Irune

2010-03-12

Kontseiluarentzat zein da euskarak behar duen status egokia? ofizialtasuna edo koofizialtasuna? euskara lehentasunezkoa izatea edo menpekoa? Euskal Herriko berezko hizkuntza bakar gisa edo frantses hizkuntza moduan?

Komentarioa idatzi