Itsas lamiak

Itxaro Borda idazleak Berria kazetan argitaraturiko artikulua

Eguneraketa: 2010-03-08 13:35:15

Bihar emazteen nazioarteko eguna ospatuko da. Sorginak izeneko elkarte bat sortu da jadanik, kostalde honetan, botere lehiarekiko paritatearen eskatzeko, eta berrisailetan genero bortizkeriaz mintzo direnak entzun ditugu ardura: hiru egunetarik behin senarraren ukabilkaden eraginez andre bat hiltzen da Frantzian. Auzo herrietan berdin da. Estatistikek bizkar-hezurrean hotzikara hazten digute alaina.

Igandeon Angeluko hiriak eta bertako Kimua ikastolak, Seaskako integrazio batzordearen alde, lasterketa bat antolatzen dute Baionako Barran. Zazpi kilometroko ekitaldia emakumeei baizik ez da irekia. Itsas lamien korrikan, horrela deitzen baita, parte hartuko dugu alabak eta biok, ehunka kideen artean, izerdiaz eta hats hartze gaziaz udaberriaren etorrera ohoratzeko.

Lamiak aipatzerakoan Amaia Lasaren Autobusean zoazenean olerki handiosa daramat gogoan beti. Aitor dezadala, Virginie eta Mylenekin ahots goraz irakurtzen dudanean behintzat, poesiari sirtaki ahaide bat susmatzen diodala atzean, bereziki Anbotoko Damiari Sapho juntatzen zaionean, gaua eztiki eleka igorotzeko. Eder zait, ederregia.

Urratsean munduko emazte guztiez oroituko gara.

Lamiaren mamia mamatzeko.


Komentarioak

Komentarioa idatzi