Mikel Zuriarraini buruz

Madariaga-ko Julen

Eguneraketa: 2010-06-11 23:18:58

Azken bolada honetan, maiz ibili da gora eta behera, gure prentsa anitzetan, Mikel Zuriarrain. Hastapenean ez dut parte hartzeko asmorik ukan. Bainan idazkiak eta iritziak, aita eta alaba baten artean, etziren murriztu, aitzitik: nundik nahi gero eta gehiago isuri ziren dozier honen inguruan. Eta orduan, bai, esku hartu behar nuela iruditu zitzaidan, enuela isilik egoteko eskubiderik, alegia.

Zergaitik? Bi arrazoin nagusirengatik, ez bakarrak alabainan.

Bata, garrantzitsuena: eztut sekula jasan ahal izan, ez eta onartu ere, defentsa gabeko lagun bat, erasotua dela ikustea.

Bertzea: Mikel preso dago. Dakikezuenez, neu ere egon nintzen, erran nahi baita, “entxapanaturik” egonik eta kanpo aldetik akusamendu ezin larriagorik ene kontra, honek edo harek botatzea eta hedatzea zer den, arras ondo dakit. Kaiolan dagoenak ez baitu nehoiz bere burua eta eskubide ona defendatzen ahal, aske balego bezala. Hau ere badakit eskarmentuz.

Erranikoarekin batera, zera ere argi eta garbi utzi gura dut. Egoera honela izanik, ez dut ene aburua auzi honetan eman nahi, ez aurka ez eta alde ere. Kontsideratzen baitut ez dutela horretarako eskubiderik, zuhurtzigabekeria –edo arinkeria bederen- izanen bailitaike. Argibide gehiago -osoa hobe- gure esku ukan arte behintzat.

Zernahi izan ere, gauza bat jakin badakit: afera triste honen arduradun nagusia, Frantziako eta Espainiako gure etsaiak ditugu, heuren jazarpen krudelak direla-ta dago Mikel Ameriketan edo-ta espetxean. Heiek sortarazi baitituzkete baldintza egokiak gero hau edo bertzea gertatzeko.

Erranak erran, baieztapen segur bat egiten ahal dut eta, beraz, baitut egiten: hamar (10) urte baino gehiago eman zuen Mikelek Biarritzeko gurea izaniko lantegiko buru. Hori hola, eztut hura baino lantoki-kudeatzaile hobeagorik ezagutu, urrundik ere ez. Langile prestu eta amorratua, zintzo, apala, arras ongi konpontzen zena bertze lankideekin.

Horrez gain, honako hau ere jakinaraz dezaket eta pozik dut egiten: Mikelen emaztea eta alabeak ere ezagutu nituela. Denak biziki ditut estimatzen. Jende prestuagorik bakan atzemaiten da munduan.
Bai Mikeli, bai gainerako senideei, zinezko agur bero batez.

Atxik azkar.

Iparraldean 2010eko ekainean.

( Gutunaren egileak aipatzen duen auzia kari kazeta.infok hainbat xehetasun eman nahi dio irakurleari: Paueko auzitegiak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion Mikel Zuriarraini alaba bortxatzeagatik kondenatu ondoren. Erasoa gertatu zelarik alabak 14 urte zituen. Zuriarrain Nikaraguara ihes eginda zegoen, eta ustez ETArekin lotura izateagatik bilatzen zuen Poliziak. Alaba ikustera joan zitzaion Nikaraguara, eta alabak berak salatu zuenaren arabera, orduan gertatu zen bortxaketa. Epaiketan Zuriarrainek ukatu egin zuen alaba bortxatu izana. Sexu ukituak egin zizkiola onartu zuen, ordea. Jujeak, alta, frogatutzat eman zuen bortxaketaren salaketa. Epaiketan zehar Zuriarrainen militantzia politikoa behin baino gehiagotan aipatua izan zen egun preso dagoen gizonaren deklarazioari sinesgaritasuna kentzeko. )


Komentarioak

icon

lore

2010-06-12

Ukituak egin zizkiola onartu....hori zer da, bortxaketa bat baino gutiago?'aze nazka!! nazka eta nazka! ez besterik. Alaba bati hori egiten dion pertsona, izan daiteke kudeatzaile, enpresa bat gidatzeko buru aproposa, aproposena agian, bainan nehoiz ez pertsona!! hil dadila nazkagarri!

icon

Koxe

2010-06-12

Afera hau zaila da ulertzeko. Egia da espainiar eta frantsesen jokutria erdian izaiten ahal dela, baina alabak salatu badu, zeredozer izanen da. Ukituak egin dizkiola onartu badu, hori biziki larria da.
Bestalde zein egoeratan dago gizon hori? Hori ere bada egin beharreko galdera. Dena den, alaba batek maite duen aitaren aurka horrelako salaketa bat egiteak ainitz erran nahi du.

Koxe

icon

Jokin

2010-06-15

Ai Julen.. lagunak defenditzeko asmotan... baina lehenik lagunak izan behar. Lantegi kudeatzaile ona izango zen ziurrenik ere, baina inork gogoan ote du kartzelatik ateratzeko Aturriko salsak salatu zenizkiola ? Itsusia benetan.
Bestalde, esan bezala, jakin ezean hobe isilik egotea. Gauza bat da jarrera publikoa eta bestea pertsonala : epaian bigarrena epaitu da. Ukituak onartu ditu, preskribituta zeudelako, 20 urteko espetxealdia aipatzen denean bortxaketa nola onar zezakeen ? Zuk bai ? Handinahi batek Jesuiten moralarekin justifikatu zuen ; justifikatzerik ba ote da ? Eta justifikatzeak aitortzea ez ote du esan nahi ? Zenbat jende dago erbesteraturik gobernu ezberdinengatik, baina horrelakorik ez du egiten... zu ere justifikatzen ?
Gaur egun espetxeraturik dagoen 'gizajo' horrek ez omen du defenditzeko aukerarik, baina epaiari ez zionez deirik egin, onartutzat eman du kondena. Beraz oso langile prestu eta amorratua, zintzo, apala eta lankide ona baina ororen gainetik BORTSATZAILEA ! Etiketa gainean dauka dagoeneko.

icon

Mirari

2010-06-15

Ez dezagun orain errua besteei bota.
Euskaldunak ez gara jainkoa, gure artean ere zoritxarrez ustelak badaude.
Gizarte arduratsu bat nahi dugun neurrian, gure artetik garbiketa egiten has gaitezen lehenik. Sagar ustela otarretik at uzten dugun bezala, kanpo utzi ditzagun bortxatzaileak.

icon

Jon

2010-06-15

Hire gostoko pertsona baduk dena esplikatzen duk.... Hire jarrera azken aldian ez dihagu asko entzun (ta beharrik ez) ; ez al duk gauza hoberik egitekorik ? Aralarretik kanporatu diatek ? Ez dut hire lekua aurkitu ? Edo hi here 'otarretik' at geratu haiz ?

icon

Xabier

2010-06-15

Pena merezi ote du denbora horrelako berrikitan galtzeak ? Julen izan edo Mikel izan garrantzirik ote dute ? Bata fundatzailea zelakoan ta bigarrena interesatutako momentuetan sinpatizante izateagatik, biak aspaldiak ezker abertzaletik at daude... beraz utz gaitzatela pakean beraien kontu zikin ta itsusi horiekin !

icon

Nekane

2010-06-15

Gertakari eta egoera larria. Urte askotan barne gatazkak eraman ondoren denuntziatzeko erabaki zaila hartu zuen Iraitzek. Errespetoa eta miresmena zor diogu. Animo ta segi gogor.

icon

Canada

2010-06-17

Ez al duk nahiko Aralarren izatearekin ? Ez diatek kasurik egiten hire laguntxo berriek ? Aspaldi ez genian hire berririk, eta egia esan ez diagu eduki nahi ere. Geldi adi Aralarren bazterrak nahaste, hire beharra ditek eta... anartean kanpo hemendik !

icon

Xaldibi

2011-01-16

Iritzi artikulu hau Mattin Bacho edo JUlen DE Madariagarena da ? Berrian horrela izenpeturik agertu zen. Horrela bada, oharrik ere ez du merezi. Mattinena balitz, nondik ezagutzen duen ulertezina zait. Biarritzeko lantegiko nagusia zein zen denok baitakigu... gezurrak beraz ? Eta zendako kaka nahasarazi ? Alabak esana ez baduzu dudan ematen, zergatik dudan eman epaia ?

Komentarioa idatzi